.EUSen zibersegurtasun eredua aurkeztu da Kuala Lumpurren Interneteko nazioarteko bileran

Interneteko eragile nagusiak bildu dira Malasian antolatu den ICANN75  nazioarteko bileran, Interneteko funtzionamenduaren inguruan erabakiak hartzeko helburuarekinMundu guztiko estatuen ordezkariak biltzen dituen taldearen aurrean ere aurkeztu da .EUSen zibersegurtasun eredua

Elgoibar, 2022ko irailaren 21a. PUNTUEUSek bere zibersegurtasun eredua aurkeztu du irailaren 17tik 22ra Kuala Lumpurren antolatu den nazioarteko bileran. Bertan, mundu mailako Interneteko eragile nagusiak bildu dira Interneteko funtzionamenduaren inguruko erabakiak hartzeko helburuarekin.


ICANN75en Urteko Batzar Nagusia Malasiako hiriburuan jazo da. ICANNirabazi-asmorik gabeko erakundea da eta bertan, mundu osoko erakundeak biltzen dira, Internet seguru, egonkor eta elkarreragile bat sortzeko asmoarekin. PUNTUEUS ICANNeko kide da eta Interneteko gobernantzan eragiten duten erabaki-guneetan presentzia aktiboa du.


Nazioarteko ekitaldi honetan Interneteko domeinuen zibersegurtasuna izan da gai nagusia. Hitzaldien artean GeoTLDen zibersegurtasunari eskaini zaio tartea, eta bertan, Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak hartu du hitza, .EUSen zibersegurtasunaren gakoak azaltzeko. Lankidetza publiko pribatuan oinarritutatko eredua azaldu du Waliñok, PUNTUEUSek Eusko Jaurlaritzako segurtasun erakunde ofizialekin (BCSC eta IZENPE) dituen hitzarmenak aurkeztuz, eta Euskal Herriko zein mundu mailako Zibersegurtasun elkarte nagusietako kide aktiboa direla azpimarratu du.


Erabiltzaileen segurtasun digitala bermatzeko .EUSen menpeko webguneak etengabe gainbegiratzen ditu PUNTUEUSek. Zaintza aktibo horri esker, web guneetan erabilera desegokiak, arriskuak eta mehatxuak aurreikusten dituzte. “Mehatxuak aurreikusteko erabiltzen ditugun tresnei esker, 2021ean, 277 arrisku antzeman eta bideratu genituen” adierazi du Waliñok. 


Horietatik 235, hau da %85, domeinu “maltzurrak” izan dira, helburu gaiztoarekin sortutako domeinuak hain zuzen ere. Gehienak (200) algoritmo bitartez sortuak izan ziren eta beste guztiak (35) erabilera okerragatik susmagarriak ziren. Domeinu hauek detektatu eta bertan behera utzi zituen PUNTUEUSek.


Zaintzari esker detektatutako  gainerako domeinuak, hirugarren batek erasotutakoak ziren. Horiek identifikatutakoan, erasoaren berri eman eta arazoa konpontzen lagundu zitzaien webguneen titularrei, ohikoa baita webgunearen arduradunek ordurarte ezer ez jakitzea. 


PUNTUEUS protagonista GACen saioan

Waliñoren aurkezpenaz gain, Malasian jazotako kongresuaren baitan GACek (Gobernu mailako Aholkularitza Batzordea) zibersegurtasuna aztertzeko saio bat antolatu du, eta bertan ere .EUSen eredua aurkeztu du Nacho Amadozek, GeoTLD taldeko lehendakariak.


ICANNen barruan Interneteko alor bakoitzeko ordezkarien lan-taldeak daude. GAC da garrantzitsuenetako bat, izan ere, talde horretan mundu guztiko estatuen ordezkariak daude. GACen egin beharretako bat Interneteko Gobernu mailako politika eztabaidatzea eta erabakitzea da, beti ere geopolitika kontuan hartuta. GACek bi hamarkada baino gehiago daramatza ICANNeko Zuzendaritza Batzordeari zein komunitateari informazioa eta aholkuak ematen.


ICANN 1998an sortu zen irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa. Elkarte horrek lehia sustatzen du eta Interneteko identifikatzaile bakarren politikak garatzen ditu. Dena dela, ezin du Interneteko edukia kontrolatu eta ez ditu Interneterako sarbideak kudeatzen, baina Interneteko izenen sistema koordinatzeko duen funtzioari esker, garrantzi handia du Interneten hedapenean eta bilakaeran.


PUNTUEUS


PUNTUEUSi buruz

PUNTUEUS Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, .EUS domeinuaren kontrolaren, administrazioaren eta kudeaketaren ardura duena. Haren egitekoa gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da.


Momentu honetan sarean 13.300 .EUS domeinu aurki daitezke eta horietatik 85 Majestic SEO analitika enpresa ospetsuak argitaratu duen munduko lehen milioi webgune erreferentziatuenen artean daude.

Argazkia:  Josu Waliño, PUNTUEUSeko zuzendari nagusia, gaur goizeko aurkezpenean

INFORMAZIO GEHIAGO

Komunikazio Bulegoa

Ainhoa Arana

prentsa@puntu.eus | 659096968