ELKARLANERAKO HITZARMENA SINATU DUTE PUNTUEUSEK ETA DENDARTEAN ELKARTEAK

PUNTUEUS Fundazioak eta Dendartean Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute Arrasaten. Akordioaren helburua euskal gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da, eta, horretarako, euskarak ingurune digitalean duen presentzia areagotzeko ekimenak bideratu beharko dituzte. 

 Hitzarmenari esker, PUNTUEUSek .EUS domeinua erregistratzeko deskontu-kodeak jarriko ditu Dendartearen eskura, beraien proiektu digitalak euskaraz eta .EUSen bidez gara ditzaten. Deskontu-kode hauek, herrietako saltokiek abiatutako proiektu digitaletan domeinu berrien sorkuntzarako izango dira erabilgarri. 

 “Hitzarmen honen helburua saltokien digitalizazioan laguntzea da, euskara erdigunean kokatuz. Horretarako PUNTUEUSetik gure hornitzaileen bidez hosting zerbitzuak prezio berezian eskuratzen ahaleginduko gara, Dendartean elkarteko kideei laguntzeko asmoz”, adierazi du Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak

 Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak, bere aldetik, .EUS domeinuaren erabilera sustatuko du bazkideen eta saltokien artean, eta arreta berezia jarriko die webgunea duten edo izan nahi dutenei, edukia euskaraz argitaratzera animatu daitezen. Horrez gain, Gipuzkoako saltokiek duten digitalizazio maila eta merkataritza digitalean euskararen erabilera neurtu eta sustatuko dute, merkataritzaren transformazio digitala euskaratik indartuz.

“Dendartean aspalditxotik ari da merkatari txikien digitalizazioa bultzatzen, izan ere, saltokien lehiakortasuna hobetzeko teknologia berriak erabiltzea beharrezkotzat jotzen dugu. Dena den, arlo digitalean ere betiko saltokien esentzia eta baloreak mantentzea garrantzitsua dela uste dugu eta, horien artean, nola ez, euskararen erabilera” azaldu du Xabier Aldalurrek, Dendartean Elkarteko teknikariak.  

Jarraipen Batzordea

 Lankidetza hitzarmenaren helburuak betetzen direla bermatzeko “Jarraipen Batzorde” bat ezartzea adostu dute bi aldeek. Bertan, bi partaide egongo dira gutxienez, bata PUNTUEUSen izenean eta bestea Dendartea Elkartearen izenean. 

 Talde hau 4 hilean behin elkartuko da gutxienez, baina hitzarmenaren sinatzaileetako batek eskatzen duen bakoitzean ere elkartu beharko da. 

Akordioaren baitan sor daitezkeen zalantza, arazo eta hobekuntzak aurreikusi, komunikatu edo proposatzeko ardurarekin sortutako taldea izango da, eta ekimena sustatzen laguntzeko egokiak izan daitezkeen eragileak gonbidatu ahal izango dira bertara.