- 2025ean fakturazioa %5 hazita, Euskadiko ekonomia eta industriaren eraldaketa digitalean duen zeregin estrategikoa finkatu du.
- GAIA Klusterrak sektorearen jarduera datuak jakinarazi ditu gaur goizean, bihar Bilbon egingo duen batzar orokorra dela eta, bereziki erreparatuz mikroelektronikari, adimen artifizialari, zibersegurtasunari eta teknologia kuantikoei, baita horrek guztiak dakartzan erronkei ere.
Bilbo, 2026ko ekainaren 2a.- Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Klusterrak (GAIA) bere 306 erakunde kideen jardueraren zifra nagusiak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan; 2025. urtean, fakturazioa %5 handitu zuten, 7.371 M€-ra iristeraino, ziurgabetasun geopolitikoek, horniduren garestitzeak, tentsio komertzialek eta uzkurdurak markatutako nazioarteko testuinguruan.
Enpleguan (%4), I+Gan (%10) eta esportazioetan (%4) izandako hazkundeak berretsi du GAIAk ordezkatzen duen sektoreak bilakaera positiboarekin jarraitzen duela, eta Euskadiko eraldaketa ekonomiko eta industrialerako motorretako bat dela. Hala nabarmendu dute gaur goizean prentsaurrekoan Elena Zarraga GAIAko presidenteak, Tomas Iriondo Klusterreko zuzendari nagusiak eta Eli Pombo Languneko presidenteak.
Aurkeztutako adierazleen artean, enplegu teknologikoa 27.332 profesionalera iritsi zen 2025ean, hau da, % 4ko hazkundea aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta 1.100 lagun baino gehiago sartu ziren sektorean. 2026rako, %2ko igoera gehigarri bat aurreikusten da, 600 profesional berriren baliokidea, gutxi gorabehera.
Gainera, I+Gan 222 milioi euroko inbertsioa egin zen, aurreko urtean baino %10 gehiago, sektorea teknologia gaitzaileen alde egiten ari den apustua indartzeko, horien artean adimen artifiziala, zibersegurtasuna, mikroelektronika, konputazio kuantikoa eta IoT. 2026rako, goranzko joera horri eustea eta I+Gko inbertsioa %11 handitzea aurreikusten da.
Esportazioak 3.080 milioi euro baino gehiago izan ziren 2025ean, 2024an erregistratutakoak baino %4 gehiago, euskal ekosistema digitaleko enpresek nazioartean duten proiekzio gero eta handiagoaren isla.
Datuak GAIAk bihar Bilbon egingo duen urteko batzar orokorra dela-eta jakinarazi dira, azelerazio teknologikoak, AA sortzailearen agerpenak, txip eta erdieroale espezifikoek, konputazio kuantikoaren aurrerapenak, datuaren ekonomiaren garapenak eta zibersegurtasunaren garrantzi estrategiko gero eta handiagoak argi eta garbi markatutako testuinguruan.
Elena Zarraga GAIAko presidenteak 2026an GAIA bultzatzen ari den lan ildo eta ekimen estrategiko nagusiak azaldu ditu gaurko agerraldian, Industria Azeleraziorako Europako Legearekin eta Europaren eta Euskadiren burujabetza teknologikoko politikekin lerrokatuta.
Zarragak adierazi duenez, “gero eta gehiago, lurraldeen garapena lurralde bakoitzak datuak, talentua eta teknologia ongizate kolektibo bihurtzeko duen gaitasunaren araberakoa izango da, eta horrek ezagutzan, konektibitatean eta berrikuntzan inbertitzeko eskatzen digu, giza garapenaren hurrengo etapan eragiteko”.
2026ko ekimen estrategikoak
Lehentasun estrategikoen artean, Zarragak “burujabetza teknologiko eraldatzailea” bultzatzea nabarmendu du, zenbait esparruetan gaitasun propioak garatzean oinarrituta, horien artean egonik, besteak beste, adimen artifiziala, cloud, teknologia kuantikoa, azpiegitura digitala eta mikroelektronika. Ildo horretan, GAIAk euskal ekosistema digital eta kuantikoa indartzen ere lan egiten du, “proiektu traktoreen eta lankidetza publiko-pribatuko formulen bidez”.
Klusterrak, gainera, automatizaziora eta efizientzia industrialera bideratutako AAko aplikazio aurreratuen garapenaren alde egiten jarraituko du, baita teknologia kuantikoak bultzatzearen alde ere, batez ere Quantum Safe gaitasunetan eta sentsorika eta konputazio kuantikoari lotutako proiektuetan.
Zibersegurtasuna eta teknologia dualak ere lehentasunezko eremuak dira, 2026an, zibersegurtasun eta teknodefentsarako euskal ekosistema indartzen lan egiten duen Klusterrarentzat. Horrekin batera, GAIAk talentu digitalean jarriko du arreta, formazio, reskilling eta ikaskuntza produktiboko estrategia berrien bidez, adimen artifizialean oinarrituta.
Ildo horretan, Tomas Iriondo GAIAko zuzendari nagusiak AA sortzaileak junior enpleguan duen inpaktua aipatu du, eta, adierazi duenez, “adimen artifizialak ikaskuntza bizkortzeko eta gaitasunak handitzeko tresna gisa jardun behar du, eta ez talentu gaztea barneratu behar duten espazioen ordezko gisa”. Gainera, amaitu du partekatuz “erronka ez dela teknologia eta pertsonen artean aukeratzea, baizik eta teknologiak giza talentua anplifika dezan lortzea”.
Era berean, klusterrak GAIA Value Capital ekimena garatzeko lanean jarraitzen du, burujabetzaren erronkaren aurrean, inbertsioa eta enpresa hazkunde teknologikoan laguntzera bideratuta. Gainera, GAIAk Europako araudi digitalean modu aktiboan parte hartzen jarraituko du, euskal ekosistema Europar Batasuneko politika teknologikoekin estrategikoki lerrokatzen laguntzeko..
Ekainak 3, osteguna. GAIAren Batzar Orokorra Bilbon
“Burujabetza Teknologiko Eraldatzailea” lelopean, GAIAk bere batzar orokorra egingo du bihar, asteazkena, 10:00etan, Bilboko Iberdrola Dorrean, eta 12:00etan Digital Industry Insights ekitaldia izango da.
Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatu Ainara Basurkok emango dio amaiera batzarrari, eta Pablo Oliete ekonomista, IESEko EMBA eta 4.0 Industriaren eta teknologia emergenteen erreferentziazko bultzatzaileak hitzaldia emango du. Bere ponentzian, Europako Industria Azelerazio Plan Berria nola bihur daitekeen teknologia digital eta kuantikoaren industriaren lehiakortasuna eta Europako subiranotasun teknologikoa indartzeko palanka aztertuko du.