CYBERFRONT Donostiaren lehen edizioa amaitu da gaur, gazteei eta pertsona ekintzaileei zuzendutako jardunaldi ireki batekin, Anoetako Estadioan motibazio-hitzaldiak, tailer praktikoak eta zibersegurtasunari, adimen artifizialari eta teknologia kuantikoari lotutako dinamikak eskainiz.
Donostia-San Sebastián, 2025eko azaroaren 18a.– Donostiak aurrerapausoak ematen jarraitzen du zibersegurtasunaren eta teknologia berritzaileen arloan Europako erreferente bihurtzeko helburuan, CYBERFRONT Donostia, ekitaldiaren lehen edizioaren ospakizunarekin. Atzo Kursaalen egin zen inaugurazio-jardunaldiaren ondoren —300 profesional baino gehiago bildu ziren Europako erronka digitalak, subiranotasun teknologikoa eta konfiantza digitala aztertzeko—, gaur, asteartea, azaroak 18, gazteentzako eta ekintzaileentzako bereziki diseinatutako programa batekin jarraitu du ekitaldiak.
Goizean zehar Anoetako Estadioak formakuntza eta esperientzia-jarduerak hartu ditu, eta horien bidez parte hartu duten 200 lagun inguruk zibersegurtasunaren errealitatera hurbiltzeko aukera izan dute ikuspegi praktiko eta motibatzaile batetik.
Jardunaldia “Nola sortu nuen nire zibersegurtasun-startup-a” saioarekin hasi da; bertan, sektoreko erreferenteek —Igor Unanue (Thales Group), Roberto Velasco (HDIV), David Barroso (Countercraft) eta Roberto Álvarez (Gaptain)— beren ibilbideak eta ikaskuntzak partekatu dituzte, Ainhoa Aldasorok (Donostia Sustapena) moderatuta. Solasaldiak zibersegurtasuneko sektore espezializatu eta lehiakorrean ekitearen erronkak eta aukerak ardatz izan ditu.
Ondoren, bi tailer praktiko garatu dira:
- INCIBE1 tailerra, “Inork kontatu ez diguna aro digital berri honi buruz”, María Aperador (BeValk) eta Óscar Hurtadok (Elite Atleta) emana.
- Eguzki tailerra, “Kafe-makinak pentest eskatzen duenean: arriskutik kontrolera”, Daniel Romano Ozcárizen eskutik.
Era berean, estadioaren beste areto batzuetan hainbat tailer praktiko egin dira, honako gaiak jorratuz: “Zibersegurtasunaren arloan ekitea”, Juanjo Salvadorren (Campus Internacional de Ciberseguridad) gidaritzapean; “Ingeniaritza soziala – Giza portaerak hackeatzeko artea”, Jezer Ferreirak (Cyber Hunter Academy) emana; eta “Mehatxuak, datuen babesa eta intzidentziei erantzuna”, Víctor Deutshen eskutik. Goiza CTF CyberEkin-en dinamika batekin osatu da, ikasleei zuzendutako jarduera bat, zibersegurtasuneko erronkak konpontzeko gaitasuna eta pentsamendu kritikoa sustatzea helburu duena.
Bigarren jardunaldi honen bidez, CYBERFRONTek herritarrengana hurbildu nahi izan ditu teknologia estrategikoak, gazteen talentua sustatu eta Donostia etorkizuneko eta egungo erronka digitalen aurrean Europako gune nagusi gisa kokatu.
CYBERFRONT WEEKINN egitarauaren baitan kokatzen da, eta GAIA Klusterrak eta CyberEUSek antolatzen dute, Cybertix eta EXVOLUTIONen lankidetzarekin. Era berean, Donostia Sustapena, Eusko Jaurlaritza eta SPRI Taldearen babes instituzionala du, eta Más Orange eta Mastercard dira babesleak.//