- Akordioak lankidetza-esparru egonkor bat ezartzen du Bizkaiko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko baterako ekimenak garatzeko.
- Bi erakundeek berrikuntzako, digitalizazioko, talentu-gaikuntzako eta enpresen arteko lankidetza-aukerak sortzeko ekintzak sustatuko dituzte.
- Hitzarmena Francisco Javier Azpiazu. CEBEKeko idazkari nagusiak. eta Tomás Iriondo. GAIAko zuzendari nagusiak sinatu dute.
Bilbo, 2026ko ekainaren 29a.– Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) eta Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien klusterrak (GAIA) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Bizkaiko enpresetan berrikuntza, eraldaketa digitala eta talentuaren garapena elkarrekin bultzatzeko.
CEBEKEko idazkari nagusi Francisco Javier Azpiazuk eta GAIAko zuzendari nagusi Tomás Iriondok sinatutako akordioak bi erakundeen arteko lankidetza egonkorrerako oinarriak ezartzen ditu. Bi erakundeek Bizkaiko enpresen lehiakortasuna indartzen eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen laguntzeko konpromisoa partekatzen dute.
Lankidetza-esparru horren bidez, CEBEKek eta GAIAk berrikuntza eta gaikuntza-teknologiak enpresetara, bereziki ETEetara, hurbiltzea sustatuko dute, gero eta digitalizatuagoa eta lehiakorragoa den ingurune batean egokitzeko duten gaitasuna indartuz. Bi erakundeen arteko akordioak garrantzi berezia hartzen du digitalizazioaren azelerazioak, adimen artifizialaren garapenak, profil teknologiko espezializatuen eskaera gero eta handiagoak eta enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko beharrak markatutako testuinguruan.
Aurreikusitako jarduera-ildoen artean daude, besteak beste, jardunaldiak, enpresa-topaketak, tailerrak eta dibulgazio-jarduerak antolatzea; talentua sortu, erakarri eta gaitzeko programak sustatzea; enpresen eta berrikuntza-ekosistemako eragileen arteko lankidetza-aukerak identifikatzea; eta eraldaketa digitaleko nahiz enpresen hazkundeko prozesuak bizkortzen lagunduko duten ekintza bateratuak garatzea.
Aliantzak, halaber, euskal ekosistema teknologikoaren eta Bizkaiko enpresa-sare osoaren arteko lotura indartzea ahalbidetuko du, ezagutzaren transferentzia, esperientzien trukea eta interes komuneko proiektuak abian jartzea erraztuz.
Hitzarmena sinatu ondoren, Francisco Javier Azpiazuk nabarmendu du enpresa-erakundeen eta eragile teknologikoen arteko lankidetza funtsezkoa dela enpresek gaur egungo eta etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egin ahal izateko: “Euskal ETEak gure ekonomiaren motorra dira, eta gure eginkizuna haien alboan egotea da, eraldaketa digitalak lehiakortasun handiagoa ekar dezan. Enpresa batek ere ez lioke bere eraldaketa digitalari bakarrik aurre egin behar. CEBEKen eta GAIAren arteko aliantza honek ekosistema oso bat jartzen du enpresa txiki eta ertainen zerbitzura, teknologia lehiakortasunerako palanka izan dadin, eta ez oztopo”.
Bestalde, Tomás Iriondok azpimarratu du eraldaketa digitala jada ez dela aukera bat, baizik eta enpresen lehiakortasuna eta hazkundea baldintzatzen dituen funtsezko faktorea. “CEBEKekin sinatutako aliantza honi esker, gure sektoreak garatutako gaitasun teknologikoak eta ezagutza Bizkaiko ekonomiaren eremu guztietara zabaldu ahal izango dira, lurraldearen lehiakortasuna indartuz”, adierazi du.
Hitzarmenak urtebeteko hasierako indarraldia izango du, bi aldeek hala adostuz gero luzatu ahal izango dena. Era berean, lankidetza-esparru honetan garatuko diren jarduerak urtero zehaztu eta koordinatuko dituen jarraipen-batzorde bat eratuko da.