TECNALIA eta QUBIZ.team aliatu egin dira sentsorika kuantiko industriala laborategitik merkatura eramateko

Helburua da laborategiko sentsorika kuantikotik merkaturako jauzia bizkortzea eta horrek efizientzian, segurtasunean eta kalitatean eragin zuzena izatea, betiere TECNALIAren Quantum Tech Lab-en laguntzaz baliatuz.

Bilbo, 2026ko urtarrilaren 7a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak eta QUBIZ.team-ek —sentsorika kuantikoko eta metrologia aurreratuko deeptech aitzindaria, Bilbon egoitza duena— esparru-akordio bat sinatu dute industria-ingurune errealetan jarduteko prestatuta egongo diren sentsore kuantiko sendo eta trazagarrien garapena bultzatzeko. Helburua da laborategiko sentsorika kuantikoaren merkaturako jauzia bizkortzea, eta horrek eragin zuzena izatea efizientzian, segurtasunean eta kalitatean.

TECNALIAren Quantum Tech Lab laborategian oinarritzen da aliantza. Laborategi hori aitzindaria da sentsore kuantikoak diseinatzen eta fabrikatzen, eta erreferentzia da Europan. Azpiegitura zientifiko-teknologiko berezia da, ultrabereizmeneko sentsorikarako sortua. Sentsorika horren oinarria diamanteko nitrogeno-hutsune zentroak dira eta ingurumen-baldintzetan funtzionatzen du. Instalazioek magnetometria-aplikazioak prototipatzeko ekipamendua dute, eta alderdi hauek lantzeko prestatuta daude: identifikazioa, neurketa magnetikoa, irudien analisia, metrologia eta kokatze-aplikazioak. Sentsore kuantiko horiek giltzarri izango dira aplikazio berrietan aurrera egiteko, hala nola osasungintzan, farmakoen garapenean, eta industrian, material berrien diseinuan.

Hauek dira merkatu nagusiak: bioosasuna (mikroskopiarako sentsoreak, mahai gaineko NMR espektroskopia, magnetometro trinkoak, LabOnAChip-a, fluxua aztertzeko sistemak, garuneko interfazeak...) eta mugikortasuna (giroskopioak, nabigazio magnetikoa, azelerometroak...).

Bestalde, QUBIZ.team-ek sentsore kuantiko ultrasentikorretan oinarritutako gailuak garatzen ditu, eremu magnetikoen, presioaren eta tenperaturaren aldaketa ñimiñoak detektatzeko gai direnak, bai eta molekula espezifikoak ere, eta helburu jakinetarako soluzioak ematen dituzten gailuetan integratzen ditu —elektronika txertatua, edge/IIoT, datu-geruza, etab.—; era horretan, industriaren benetako arazoetara hurbiltzen du detekzioaren zehaztasuna.

Ekimen hori BIQAIN – Bizkaia Quantum Advanced Industries estrategiaren barruan dago, zeinaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) teknologia kuantikoen aldeko apustua egiten baitu gizarte-garapenerako eta enpresen lehiakortasunerako palanka gisa, eta ekosistemaren eskura jartzen baititu azpiegiturak, ezagutza eta zerbitzuak, era horretan industrian aplikazioa izango duten kasuak garatzeko.

Sentsore kuantikoak industrian

“Azpiegitura berritzaile horiekin jauzi bat egin dugu baldintza errealetan erabil daitezkeen sentsore kuantikoen I+Gan. QUBIZ.team-ekin, jauzi hori industria-balio neurgarri bihurtzen da”, adierazi du Joseba Laka TECNALIAko Unitate Digitaleko zuzendariak.

Jorge de la Herrán y Crespo QUBIZ.team-en fundatzaile eta presidenteak adierazi duenez, "industrian erabili ahal izateko gaitasun horren berme da QUBIZ.team-ek Europa mailan gero eta parte-hartze handiagoa izatea sentsorika eta metrologia kuantikoaren erreferentzia gisa”. Duela gutxi, euskal deeptech hori Strategic Advisory Board-eko kide aukeratu dute Europako Batzordeko Quantum Technology FET Flagship-erako —kontinentean teknologia horien bide-orria definitzen duen organoa—. “Era berean, QUBIZ.team European Quantum Industry Consortium-eko (QuIC - Europako Industria Kuantikoaren Klusterra) Sentsorika eta Metrologia Kuantikoko Aditu Taldearen buru da, eta sektoreko erabakiak hartzeko erdigunean kokatzen du Euskadi”, azpimarratu du.

“BIQAINen eta Lantiken iritziz, lankidetza horrek argi erakusten du oparotasun sozioekonomikoaren motor bihurtu daitekeela zentro teknologiko handi baten eta deeptech motako startupen arteko aliantza. TECNALIA eta QUBIZ.team ekimenak lagungarriak dira ekosistema bultzatzeko, enpresa-proiektuak lankidetzan aktibatzeko, talentua eta inbertsioa erakartzeko eta industriari aplikatutako teknologia kuantikoetan Bizkaia erreferentziazko gune gisa kokatzeko”, azpimarratu du Valentin Garcíak, Bizkaiko Foru Aldundiko Teknologia eta Berrikuntzako Lantik Elkarteko Berrikuntza-zuzendariak.

Gainera, aliantza hori BasQ programaren testuinguruan kokatzen da. Programa hori Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek sustatzen dute, Euskadin teknologia kuantikoak garatzeko eta sustatzeko.

Bi erakundeek era honetako erabilera-kasuak landuko dituzte: aktibo kritikoen monitorizazioa, ikuskapen ez-suntsitzailea, mantentze prediktiboa eta mapaketa magnetikoa. Era berean, pilotuak egingo dituzte zenbait sektoretan, hala nola aeroespazialean, automobilgintzan, osasunean, farmazian, genetikan eta trengintzan.