- ALIAk Adimen Artifiziala enpresa eta administrazioetara hurbiltzen du, doan eta modu irekian, hainbat arlotan aplikagarriak diren AA bidezko soluzioak garatzeko tresnak eskainiz: bezeroentzako arreta, datuen analisia, fakturazioa, etab.
- Proiektuak, halaber, gaztelania, euskara eta gainerako hizkuntza koofizialak AAren garapenean nazioartean kokatzea du helburu.
- Donostian gaur ospatutako ALIA Foroaren baitan, proiektu hau lehen aldiz aurkeztu da Euskadin, eta azpimarratu da Espainiaren eta Europaren burujabetza teknologikoan aurrera egiteko beharra.
Donostia, 2026ko martxoaren 18a. Donostiako Miramar Jauregiak hartu du gaur goizean “ALIA Foroa: gure industria-ehunean Adimen Artifizialaren (AA) adopzioa bultzatzeko ekimen estrategikoak” jardunaldia. Topaketak Euskadiko ekosistema teknologiko, instituzional eta enpresarialeko ordezkariak bildu ditu, industriaren esparruan AAren aukerak hurbiltzeko eta ALIA proiektua aurkezteko helburuarekin.
Jardunaldia EHUko HiTZ Basque Center for Language Technology zentroak antolatu du, Langune eta GAIA Klusterrarekin elkarlanean, eta AAren inguruko ekimen estrategikoak, erabilera-kasuak eta aukera teknologikoak aurkezteko balio izan du, enpresa-ehunean adimen artifizialean oinarritutako soluzioen garapena sustatzeko.
Topaketan zehar, lehen aldiz aurkeztu da Euskadin ALIA proiektua, estatu mailako ekimen estrategikoa, gaztelaniaz eta hizkuntza koofizialetan trebatutako eredu ireki eta gardenetan oinarritutako AA azpiegitura publiko bat garatzea helburu duena. Proiektua Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren Estatu Idazkaritzak bultzatzen du, eta Gobernuaren 2024ko Adimen Artifizialaren Estrategiaren barruan kokatzen da.
ALIAk enpresei, administrazio publikoei, ikertzaileei eta garatzaileei AA eredu gardenak, auditagarriak eta berrerabilgarriak eskaintzen dizkie, “horrela ekosistema teknologiko lehiakorragoa, inklusiboagoa eta burujabeagoa sustatuz”, azaldu du Germán Rigau HiTZ zentroko ikertzaile eta zuzendariordeak. Era honetan, hizkuntza-ereduen eta AA garatzeko tresnen erabilera sustatu nahi da enpresa-munduan.
Horretarako, ALIAk enpresei eta gizarteari tresna eta baliabide digital ireki eta doakoak eskaintzen dizkie, enpresako hainbat arlotan aplikagarriak diren AA bidezko soluzioak garatzeko: bezeroentzako arretarako elkarrizketa-laguntzaileak, datuak erauzteko sistemak edo fakturazio-laguntzaileak, besteak beste.
Bere hitzaldian, Riguauek azpimarratu du azpiegitura honek ezagutza-ekonomia berriaren garapenean duen zeregina, baita enpresei eta erakundeei AA teknologia aurreratuetara sarbidea errazteko eskaintzen dituen aukerak ere.
Azaldu duenez, ALIA Europar Batasunean aitzindaria da AA baliabideen azpiegitura publiko, ireki eta eleaniztun bat sortzeagatik, eredu ireki eta gardenetan oinarritua. “Gaztelania eta hizkuntza koofizialen (euskara, galegoa, katalana eta valentziarra) bultzada sustatuko du AAren garapenean eta ezarpenean nazioarte mailan”, adierazi du.
Proiektua koordinatzen duen Barcelona Supercomputing Center-eko superkonputazio gaitasunei esker, “ALIAk Espainiaren eta Europaren burujabetza teknologikoa indartzen laguntzen du, pertsonen zerbitzura dagoen AA garden, arduratsu eta orientatua sustatuz”, nabarmendu du Riguauek. Barcelona Supercomputing Center-az gain, Jaén, Alicante eta Santiago de Compostelako unibertsitateek eta EHUko HiTZ zentroak parte hartzen dute proiektuan.
“AA burujabe baterantz aurrera egitea”
ALIA Foroan, Languneko buruak eta GAIAko zuzendari nagusiak, Eli Pombo eta Tomás Iriondok, inauguratu dute ALIA Foroa, eta ondoren, superkonputazio azpiegituretara eta AA ereduak trebatzeko eta hedatzeko laguntza-zerbitzuetara sartzeko dinamikak aztertu dira.
Era berean, AA burujabe baterantz aurrera egiteko beharrezkoak diren teknologiak eztabaidatu dira, EJIE, HUPI eta Ingeteam erakundeetako ordezkarien partaidetzarekin. Hauek azpimarratu dute azpiegitura teknologiko propioak eta eredu irekiak izatearen garrantzia. Halaber, enpresen, zentro teknologikoen eta administraritzen arteko lankidetzaren beharra nabarmendu da, “autonomia teknologikoa indartzeko eta adimen artifizialaren arloan berrikuntza sustatzeko”.
Bigarren mahai-inguru batean, ILENIA eta ALIA bezalako ekimenei lotutako enpresa-esperientziak partekatu dira, Natural Speech, Elhuyar eta Surlabs erakundeetako ordezkarien eskutik. Bertan, AA-n oinarritutako hainbat erabilera-kasu eta garapen teknologiko aurkeztu dira, baita ekimen hauek enpresa-soluzio berriak garatzeko eskaintzen dituzten aukerak ere.
Jardunaldiak, gainera, enpresen, ikerketa-zentroen eta ekosistema digitaleko eragileen arteko ezagutza-trukea sustatzeko aukera eman du, transferentzia teknologikoa eta AAren adopzioa bultzatuz Euskadiko industria-ehunean.//