· Red.es-ek GAIArekin lankidetzan abian jarritako programak 95 dinamizazio-jarduera eta 395 laguntza-ekintza pertsonalizatu garatu ditu 2022tik 2025era bitartean.
· 2.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute adimen artifizialari, zibersegurtasunari, automatizazioari, IoT-ri edo merkataritza elektronikoari buruzko jardunaldietan, hainbat sektore ekonomikotan aplikatuta.
· Proiektu honen esparruan, eskualdeko garapen-agentziek, Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek, Ermuko eta Gasteizko udalek, Aiara Industrial Labek eta Cebekek enpresa txiki eta ertainei eraldaketa digitala hurbiltzen laguntzen diete.
· Lehen etapa itxi ondoren, proiektuak edizio berri bati ekingo dio, eta Bizkaiko eta Arabako enpresa txiki eta ertain guztietara zabalduko du bere jarduera 2027ra arte.
Bilbo, 2026ko uztailaren 6a.- GAIAk koordinatutako eta Red.es-ek sustatutako Bizkaiko eta Arabako Acelera Pyme Bulegoek 219 ETE, autonomo eta ekintzaileren digitalizazioan lagundu dute 2022-2025 aldian, eta bi lurraldeetako enpresa-sareari eraldaketa digitala hurbiltzeko erreferentziazko tresna bihurtu dira.
Hiru urte hauetan, programak sentsibilizazio-, aholkularitza- eta laguntza teknologikoko lan handia egin du, eta 25.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako enpresa txikietan jarri du arreta, haien lehiakortasuna, eraginkortasuna eta berrikuntza hobetzen lagunduko duten tresna eta irtenbide digitaletarako sarbidea errazteko.
Guztira, Acelera Pyme Bulegoek banakako euskarriko 395 jarduketa egin dituzte, 219 enpresa eta autonomori zuzenean mesede egin dietenak, finantzaketan, automatizazioan, prozesuen digitalizazioan, sentsorizazio industrialean edo hornitzaile teknologikoen identifikazioan orientazioa eta laguntza eskainiz.
Era berean, 95 dinamizazio-jarduera antolatu dira (presentzialak, online eta formatu mistoan), eta 2.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute horietan, % 87,4ko asistentzia-tasarekin. Jardueretan 88 hizlari espezializatuk parte hartu dute, eta 17 esparru teknologiko jorratu dituzte, besteak beste: adimen artifiziala, zibersegurtasuna, automatizazioa, Gauzen Internet (IoT), teknologia murgiltzaileak, merkataritza elektronikoa edo enpresa-prozesuen digitalizazioa. Gainera, 116 arrakasta-kasu zabaldu dira, eta hainbat teknologia hartzea erraztu da, hala nola adimen artifiziala, IoT, zibersegurtasuna, automatizazioa, robotika eta errealitate areagotua, enpresen lehiakortasuna indartuz eta bi lurraldeetan berrikuntza digitaleko ekosistema bat sendotuz.
Sentsibilizazio- eta aholkularitza-ekintzez gain, programak -Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien laguntzarekin eta Bizkaiko 11 garapen-agentzien eta Aiara Industrial Lab-en bitartekaritzarekin- proiektu pilotuak eta kasu praktikoak ere bultzatu ditu, enpresei eremu zehatzetan teknologia berriak testatzeko aukera emateko, beren erakundeetan hedapen zabalagoei ekin aurretik. "Ikuspegi horrek arriskuak murriztea, konponbideak baliozkotzea eta enpresen eraldaketa digitaleko prozesuetan aurrera egitea errazten du", azaldu du Oihana Arrieta GAIAko Enpresa Aliantzen arduradunak.
"Enpresa txiki askok badakite eraldaketa digitalean aurrera egin behar dutela, baina ez dute beti horretarako behar den ezagutza, baliabideak edo laguntza. Gure helburua teknologia enpresetara hurbiltzea izan da, modu praktikoan, eskuragarrian eta haien errealitatera egokituta ", zehaztu du Arrietak. GAIA klusterrak azpimarratu du, halaber, proiektuaren elementu bereizgarrietako bat izan dela erakundeekin eta lurralde-garapeneko eragileekin egindako lankidetza, berrikuntza enpresetara hurbiltzeko.
Bizkaian, Acelera Pyme Bulegoak jarduera estuan garatzen ari da eskualdeko hamaika garapen-agentziekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, Bizkaia Oreka Sakonduz programaren helburuei eta bereziki Suspertze Digitala ildoari ekarpena eginez. Lankidetza-sare horri esker, ETEen digitalizazio-beharrak eta Euskadin dauden gaitasun teknologiko eta berritzaileak lotzea erraztu da, lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutako irtenbideak eskainiz.
Araban, proiektua Arabako Foru Aldundiarekin eta Aiara Industrial Labekin lankidetzan garatu da, lurraldeko industria-sarean berrikuntza eta digitalizazioa indartzera bideratutako jarduerak bultzatuz.
Etapa berria 2027ra arte
Proiektuaren lehen fasean lortutako emaitzen ondoren, GAIAk, Red.es-en laguntzarekin eta aipatutako erakundeekin lankidetzan, Acelera PYME Bulegoen edizio berri bat jarri du abian, 2027ra arte indarrean egongo dena. Berritasun gisa, aurreko etapa 20.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako enpresetara bideratuta zegoen bereziki, baina deialdi berriak hedadura handitu du eta estaldura eskainiko die Bizkaiko eta Arabako enpresa txiki eta ertain guztiei, haien kokapena eta dimentsioa edozein izanda ere.
2025aren amaieratik martxan dagoen edizio berriak enpresak sentsibilizatu, orientatu eta laguntzeko helburua mantentzen du, haien eraldaketa digitaleko prozesuetan; era berean, teknologia berrien ezarpen progresiboa errazteko laguntza praktikoa indartzen du, baita lurraldeko ekintzailetza digitala sustatu eta babestu ere.
Edizio berri honetan, Arabako Foru Aldundiarekin, Aiara Industrial Labekin eta Amurrio Bidean-ekin lankidetzan aritzeaz gain, Gasteizko Udalarekin eta AMVISArekin (Gasteizko Udal Urak) aliantzak zabaldu dira, jarduketen irismena Arabako lurralde osora eta jarduera-sektore gehiagotara zabaltzeko. Halaber, Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta lurraldeko eskualdeetako garapenerako 11 agentziekin lankidetzan aritzeaz gain, CEBEK (Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa) sartu da erakunde kolabaratzaile gisa, Bizkaiko enpresa-sarearekiko lotura indartuz eta jardueren irismena enpresa eta jarduera-sektore gehiagotara zabalduz.
Gainera, programak arretarako gune fisikoak ditu Izarra Centren (Ermua), Ermuko Udalaren lankidetzari esker, eta ReforAmurrio Enpresaldean, Aiarako eskualdean, enpresekin aurrez aurreko jardueraren zati bat antolatzen duten guneak. "Enpresa txiki eta ertainei laguntzen jarraitu nahi dugu eraldaketa digitalaren ibilbide osoan, aukerak identifikatzetik hasi eta beren jardueran benetako eragina izan dezaketen irtenbide zehatzak balioztatzeraino", ondorioztatu du Oihana Arrietak.
Bizkaiko Acelera Pyme Bulegoa: https://oapbizkaia.gaia.eus/
Arabako Acelera Pyme Bulegoa: https://oaparaba.gaia.eus/