- Horrela onartu da gaur goizean Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Klusterrak (GAIA) Gasteizen egin duen batzar orokorrean.
- “GAIA Value Capital, SL” izenarekin, plataforma berriak datozen urteetan 200M€ zuzen mobilizatzea aurreikusten du, sektore teknologikoko euskal enpresen potentziala sustatzeko, eta haien posizionamendu lehiakorra eta inbertsioa erakartzeko eta eskalatzeko duten gaitasuna ere indartzeko.
- “Ekimena sektoreko enpresek garapenerako beharrezkoa duten inbertsio/kapital espezializatuari erantzuteko sortu da”, azpimarratu du Elena Zarraga Klusterreko presidenteak, beste bi urtez GAIAko buru izango denak.
- GAIA osatzen duten 305 erakundeek 26.200 profesional baino gehiago biltzen dituzte Euskadin, eta iaz 7.020 milioi euro fakturatu zituzten. 2025ean fakturazio zifra hori %7 handitzea espero dute, gainera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11.- Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Klusterrak (GAIA ) Batzar Orokorra egin du gaur Gasteizen, eta bertan GAIA Value Capital SL eratzea onartu du. Adimen estrategikoa eta kapitala integratzen dituen plataforma bat da, eta datozen urteetan 200M€ zuzen mobilizatzea aurreikusten du industria digitalaren sektorearen hazkundea, garapen teknologikoa eta errotzea lortzeko.
Euskal Klusterrean -305 erakunde biltzen ditu- oso positiboki baloratzen dute erabaki hori, sektoreak epe labur-ertainean izatea espero den garapenean izango duen inpaktua eta garapen horri emango dion laguntzagatik, klusterreko enpresen hazkundea eta errotzea bultzatzeko inbertsioen sustatzaile kudeatzaile propioa izango dutelako.
Batzarraren osteko ekitaldi publikoan Elena Zarraga GAIAko presidenteak azaldu duenez, ekimen horrekin, euskal Klusterrak sektoreko enpresen garapenean lagunduko duen inbertsio/kapital espezializatuaren beharrari erantzun nahi dio. “Sozietate berri horrek Euskadiko enpresen garapen teknologikoa, hazkundea eta errotzea bizkortuko duten funtsak erabilgarri egotea sustatuko du, sektoreko enpresa txiki eta ertain guztiei balorazio teknologiko eta finantzarioa egiteko gaitasuna, M&A (bat egiteak eta erosketak) egiteko laguntza, eta hazkunderako eta garapen teknologikorako finantzaketa eskainiz”, adierazi du.
Klusterrak jakinarazi duenez, azpiegitura horrek subiranotasun teknologikoaren aldeko apustua egiten du eta gutxi gorabehera 200 milioi euro zuzen eta, ziurrenik, beste 200 M€ baliatuko dituen funts bat eratzea ahalbidetuko du, zeinarekin sistema eta irtenbide digitalen inguruan eragin globaleko estrategiak bizkortu eta garatu ahal izango diren. Horretarako, CiberGrowth funtsa sortuko da. Gainera, adimen estrategikoaren esparruan, GAIA Value Capitalek hazkunde diagnostikoak, Industria 4.0ren balorazioa edo transakzio korporatiboen analisiak egingo ditu.
Elena Zarragak azpimarratu duenez, azken helburua da “Euskadi teknologia aurreratuko Hub eta Europako subiranotasun teknologikoaren zentro gisa sendotzea”.
Datuaren ekonomia eta segurtasun post-kuantikoa
Plataforma berriaz gain, batzar orokorrean onartu da, halaber, Euskadik datuaren ekonomian duen posizionamenduan aurrera egiten jarraitzea, “garapen ekonomikoaren zutabe nagusi gisa, erakundeetan erabakiak hartzeko datuen erabilera intentsiboaren alde eginda eta datuaren ekonomia horretarako planifikatzea ahalbidetuko diguten estrategiak definituta. Datuaren ekonomia garapen ekonomikorako zutabe nagusietako bat izango duen lurraldea izan nahi dugu”, azpimarratu du Elena Zarragak.
Komunikazio kuantikoaren arriskuen aurrean egokituz segurtasun post-kuantikoa lortzea eta zibersegurtasuna ere gai nagusiak izan dira batzar orokorrean. Izan ere, Klusterrak 2030erako proiektatzen du Euskadi bi alderdi hauetan erreferente gisa ikustea: datuaren ekonomia, eta Quantum Safe lurraldea, “sistema digitalak garatu eta zibersegurtasun, komunikazio eta konputazioari dagokionez aro post kuantikoak planteatzen dituen arriskuetara egokitzen dituen Euskadi bat izanda”.
Ekitaldi publikoa bukatzeko, Silvia Leal etorkizuneko joeretan eta Adimen Artifizialean adituak hitza hartu du, eta trantsizio digitalari, datuei eta AAri buruz hitz egin du. Saray Zárate Fernández de Landa-k, Arabako Ekonomia Sustapen eta Iraunkortasuneko Foru Diputatuak, amaiera eman dio ekitaldiari.
Zuzendaritza Batzordea
GAIA Klusterraren Zuzendaritza Batzordea honela osatu da gaur ospatu den Batzar Orokorrean::
- Presidentea: Elena Zárraga (LKS
- Idazkaria: Alberto Campo (TECUNI)
- Diruzaina: Mª Antonia Muguerza (SERIKAT)
- Batzordekidea: Ángel Echevarria (ENTELGY)
- Batzordekidea: Imanol García (INGETEAM)
- Batzordekidea: Alfonso Ganzabal (SISTEPLANT)
- Batzordekidea: Estíbaliz Goñi (IBERDROLA)
- Batzordekidea: Esteban Barrenechea (IKEI)
- Batzordekidea: Martín Muguruza (THE WHITE TEAM CONSULTING)
- Batzordekidea: Iñigo Ocariz (GESTIONET)
- Batzordekidea: Sergio Gallastegui (CODECONTRACT)
- Batzordekidea: Jarobit Piña (ULMA EMBEDDED SOLUTIONS)
- Batzordekidea: Eunate Ramírez (VERSIA)
- Batzordekidea: Joana Epalza (LUDUS TECH)
- Batzordekidea: Azucena Hernández (EUROCYBCAR)
- Batzordekidea: Xabier Mitxelena (CYBERTIX)
- Batzordekidea: José Mª Martínez-Amutio (SITCOM)
- Batzordekidea: Iratxe Urraca (ORMAZABAL)
- Batzordekidea: Jorge Posada (VICOMTECH)
- Batzordekidea: Guillermo Unamuno (SPRI)
- Zuzendaria: Tomás Iriondo (GAIA)