- Hala nabarmendu da Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Klusterrak (GAIA) egindako prentsaurrekoan; bertan, gainera, erakundeko arduradunek azpimarratu dute sektoreak datuetan oinarritutako ekonomia aurreratu eta digital baterako duen garrantzi estrategikoa.
- Hamargarren urtez jarraian, enpleguak gora egin du sektorean eta 26.280 profesional baino gehiagorekin sektorea sendotu egin da Euskadin. Gainera, I+G hazi egin zen, iaz 202M €-tik gora inbertituta, eta horrek esan nahi du %10 hazi dela aurreko urtearekin alderatuta.
- “Balantzeak egiteko garaia da, baina, batez ere, mendekotasunak baloratzekoa, berrikuntza lantzekoa, hornidura kateak indartzekoa, haztea ahalbidetuko digun subiranotasun teknologikoa bermatzekoa eta geure kabuz eta modu jasangarrian eta abangoardistan garatzekoa”, azpimarratu du Elena Zarraga Klusterreko presidenteak.
- Ildo horretan, Klusterrak iragarri du datozen urteetan industria digital eta seguruaren sektorearen hazkundea, garapen teknologikoa eta errotzea bilatuko duela, eta horretan arituko dela -Europaren garapenerako giltzarria da-, hainbat proiektu estrategiko eta azpiegitura abian jarriz.
Bilbo, 2025eko ekainaren 10a.- Gaur, Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Klusterrak (GAIA), kide dituen 305 erakundeen jardueraren gaineko zifra nagusiak jakinarazi ditu. Zifra horien arabera, 2024an %7 gehiago fakturatu zuten, eta 7.020 milioi euroko fakturaziora iritsi ziren, eta bereziki azpimarragarria da enpresa elektronikoetan eta Informatikako enpresetan jarduerak izan duen hazkundea. Gaur goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan Elena Zarraga GAIAko presidentea, Tomas Iriondo GAIAko zuzendari orokorra eta Eli Pombo Languneko presidentea agertu dira.
Jakinarazi dutenez, 2024an 26.280 profesional aritu dira lanean. Hamargarren urtez jarraian hazi da enplegua, eta 1.400 pertsona gehiago izan dira (+%6 gehiago, aurreko urtearekin alderatuta). I+Gko inbertsioa 202M€-koa izan da, hau da, inbertsioa %10 hazi da; esportazioak, berriz, %7 hazi dira, eta 2.961M€-ra iritsi dira.
Gauden ekitaldirako aurreikuspenei dagokienez, GAIAko arduradunek iragarri dute 2025ean GAIAko kide diren erakundeen fakturazioa berriz ere %7 haziko dela; aurreikusten da, halaber, enplegua %5 haziko dela, eta I+Gko inbertsioak %10.
Elena Zarragak bere hitzaldian azpimarratu duenez, aurkeztutako datuek berresten dute “gure sektorearen hazkundea babesteko pauso garrantzitsuak eman ditugula, lurraldean errotzea bermatuta. Abangoardiako teknologian oinarritutako hazkundea da, balio kate estrategiko eta subiranoak artikulatuta, erabakitzeko ahalmenari dagokionez”.
GAIAko presidenteak azpimarratu du euskal Klusterrak ordezkatzen duen sektoreak garrantzi estrategikoa duela “datuetan oinarritutako ekonomia aurreratu eta digitala lortzeko”, sektoretik hurbil dauden teknologia erraztaileei dagokienez, esaterako zibersegurtasunari, AAri, konputazio kuantikoari edo mikroelektronikari dagokienez. “Mendekotasunak baloratzeko, berrikuntza lantzeko, hornidura kateak indartzeko, haztea ahalbidetuko digun subiranotasun teknologikoa bermatzeko eta geure kabuz eta modu jasangarrian eta abangoardistan garatzeko unea da”. Eta ziurgabetasunak aprobetxatu eta garapen teknologikoarekiko baldintzarik gabeko konpromisoa agerian uzteko unea ere bada, garapen teknologikoa gure etorkizuneko balioa den heinean: datuaren ekonomiaren eta segurtasun post-kuantikoa duen lurralde baten aldeko apustua egin behar dugu”, adierazi du.
Zarragak adierazi du merkatua, eskaera publiko eta pribatua, “trantsizio digitalarekiko konpromiso argia erakusten ari zaigula, estrategia hori beste izaera bateko inbertsioen aurrean lehenetsiz”, eta horri gaineratu dio euskal sektore teknologikoa “zerbitzu maila handiarekin” erantzuteko prest dagoela. GAIAko presidenteak nabarmendu du sektoreko emaitza onak egoera nahasi batean gertatu direla, gatazka geopolitikoek, AEBeko muga zergen politikak eta politika horiek merkataritza fluxuetan duten inpaktuak edo kontrataziorako oztopo ezagunek eraginpean, alegia: “Emaitzak sektoreko profesionalek eta enpresek ondo egindakoaren eta izan duten profesionaltasun eta jarrera eredugarriaren ondorio dira”, esan du.
Proiektu estrategiko eta azpiegitura berriak
Gainera, Elena Zarraga GAIAko presidenteak adierazi du GAIAk proiektu estrategikoak eta azpiegiturak diseinatzen eta garatzen lan egiten duela, “Euskadin industria digital eta seguru baten sektoreari hazten, teknologikoki garatzen eta errotzen laguntzeko, eta, era berean, gure eskaintza eta balio katea indartzeko. Espero dugu ekimen horiek eragin nabarmena izatea eta sektore hazkunderako eta garapenerako funtsezko laguntza izatea”. Eta aurretatu du “ekimen horietako bi inbertsio beharrari eta datuaren inguruko berrikuntzari buruzkoak direla, hurrenez hurren”.
Europan bi alderditan erreferentea izatea da Klusterrak 2030erako proiektatzen duen Euskadiren ikuspegia. Hain zuzen ere, bi alderdi hauetan: datuaren ekonomia, “ekonomia hori gure lurraldearen garapen ekonomikorako oinarrietako bat bihurtuz”; eta Quantum Safe lurraldea, “sistema digitalak garatu eta zibersegurtasun, komunikazio eta konputazioari dagokionez aro post kuantikoak planteatzen dituen arriskuetara egokitzen dituen Euskadi bat izanda”.
“Teknologia digital eta seguruen sektorea estrategikoa eta giltzarria da Europaren garapenerako eta, Euskadin, ezin gara atzean geratu. GAIAn horretan irmo lan egiten ari gara, bai aipatutako proiektuekin, bai laster iragarriko ditugun beste ekimen batzuekin” esan du bukatzeko Zarragak.//