- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kofinantzatu du “Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlana”, EAEko TEII sektoreak behar dituen gaitasunen eta trebetasunen ikuspegi integral bat emateko.
- Egindako azterlanari esker, erakundeen behar espezifikoekin lerrokatutako Prestakuntza Plan bat diseinatu eta hedatzen hasi da. Dagoeneko 15 prestakuntza-ekintza baino gehiago egin dira.
- GAIAk azpimarratu duenez, sektoreko eta gobernuko erakundeen, sozietate publikoen eta hezkuntza-sistemaren parte-hartzea funtsezkoa izan da azterlanari balio erantsia emateko.
2025eko apirilaren 9a.- IKT sektoreak Euskadin dituen prestakuntza-premia espezifikoak identifikatzeko eta funtsezko esparruetan dauden gabezien eta gaikuntza-aukeren azterketa zehatza egiteko azterlan bat egin du GAIA klusterrak —C2B aholkularitzarekin lankidetzan—, eta bertan zehaztu du zer gaitasun eta trebetasun eskatzen diren gaur egun Ezagutzaren sektorean eta Klusterrak biltzen dituen Teknologia Aplikatuen Industriaren (TEII) sektoreetan.
Behin horiek identifikatuta, merkatuaren egungo eskaerei erantzuten dieten prestakuntza-ibilbideak garatu dira sektoreko profesionalen gaitasunak indartzeko, eta, hala, “erakundeen lehiakortasuna etengabe hobetzen laguntzeko eta enpresei berrikuntza teknologikoaren abangoardian egotea ahalbidetzeko”, azpimarratu dute GAIAtik. .
Diseinatutako Prestakuntza Plana mugarri garrantzitsua da GAIAri lotutako enpresentzat; izan ere, 2024-2027 aldian funtsezko gaitasunak garatzeko esparru argi bat ezartzen du, haien beharretan oinarrituta. Plan horrek, merkatuaren egungo eskaerei heltzeaz gain, digitalizazioak, jasangarritasunak eta globalizazioak markatutako ingurune batean etorkizunean izango diren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasunak ere aurreikusten ditu.
Prestakuntza-beharren diagnostikoa egiteko, elkarrizketak, inkestak, eztabaida-taldeak eta dokumentu-analisiak egin dira informatikako, aholkularitzako, elektronikako, ingeniaritzako, eduki digitaletako eta telekomunikazioetako enpresetan eta erakundeetan.
Prestakuntza Plana
Prestakuntza Beharren Diagnostikoak bi kategoria handitan sailkatu ditu identifikatutako kualifikazio-beharrak, eta atal espezifiko bat eskaini die ziurtagirietara bideratutako prestakuntzei:
- Gaitasun teknologikoak, programazioa, datuen analisia, zibersegurtasuna eta prozesuen digitalizazioa biltzen dituzten prestakuntzak barne direla, besteak beste.
- Zeharkako gaitasunak, trebetasun pertsonalei, pertsonen kudeaketari, proiektuen metodologiari, hizkuntzei eta eredu sozial, digital eta jasangarrietarako trantsizioari buruzko gaiak jorratuz.
Oraingoz, 15 ikastaro eman dira, eta beste hainbeste daude programatuta 2025eko lehen seihilekoan. Prestakuntza-metodologia inpaktua maximizatzeko diseinatuta dago eta 5-20 ordu arteko iraupena duten talde txikientzako (15-17 pertsona) saio teoriko eta praktikoak uztartzen ditu, lan-ingurunean zuzenean aplikatzea sustatzen dutenak. Prestakuntza-ekintzak aurrez aurre zein online egiten dira, malgutasuna eta irisgarritasuna bermatuta.
Talentua indartzea
“Gure sektoreak erronka esanguratsuei egin behar die aurre, hala nola profil kualifikatuen eskasiari, gaitasun digitalen eskaintzaren eta eskariaren arteko arrakalari, lidergo berritzailearen beharrari eta ekoizpen-prozesuetan teknologia disruptiboak integratzeko eskakizunari. Eta, horregatik, sektoreko profil profesionalak aztertu behar dira. Erronka horiei erantzuteko, talentua garatzera bideratutako prestakuntza-ekimenak bultzatzea ez da soilik erantzun estrategiko bat, betebehar bat ere bada sektore dinamiko eta jasangarri baten alde egiten dutenentzat; horien artean, GAIArentzat", adierazi du euskal klusterrak.
Azpimarratu dutenez, TEII sektorearen eraldaketa “etengabeko ikaskuntzaren aldeko apustu irmo batekin hasten da, non eskuratutako gaitasun berri bakoitza urrats bat den etorkizun lehiakorrago eta konektatuago baterantz”. Horregatik, sektoreko Prestakuntza Beharren Diagnostikoa (PBD) azterlanaz gain, Gaiak hainbat ekimen bultzatzen ditu talentu digitala eta bere ekosistemako gaitasun profesionalak indartzeko.
Proiektu horien artean, nabarmentzekoak dira Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan egindako Digital Talent Hub, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako FFW ICTA azterlana eta Gaiaren Gaikuntza Plana.