- Ekimenak arrakasta handia izan du. Helburua da gazteen artean STEM bokazioak sustatzea eta karrera teknikoetan emakumeen presentzia handitzea, eta, horretarako, txiki-txikitatik trebetasun digitalak eta pentsamendu konputazionala sustatzearen alde egiten du.
- Ekimena Hezkuntza Sailak eta GAIA Klusterrak bultzatu dute.
Bilbo, 2025eko maiatzaren 26a.- Bigarren Hezkuntzako 200 ikasle inguruk parte hartu dute gaur Bizkaia Aretoan egin den Programazioari eta Pentsamendu Konputazionalari buruzko Euskadiko lehen hackathonaren finalean, eta, hala, amaiera borobila eman zaio CodeOK 2024-2025 ekimenari. Proiektu horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta GAIA Klusterrak zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin eta matematikarekin lotutako ikasketetarako bokazioak sustatu nahi dituzte ikasleen artean, eta emakumeen presentzia areagotu nahi dute arlo horietan.
Ikasturte honetan, 280 ikastetxek (Arabako 41, Bizkaiko 145 eta Gipuzkoako 94) eta 12 eta 16 urte bitarteko 4.995 ikaslek parte hartu dute CodeOK ekimenean, eta 224 irakasle inplikatu dira. Helburua hezkuntza-plataforma digital bat txertatzea da, zeina berariaz diseinatuta baitago ikasleen artean pentsamendu konputazionala eta gaitasun digital giltzarriak txiki-txikitatik garatzeko.
GAIAk jakinarazi duenez, proposamen pedagogikoa gamifikazioaren, erronkak ebaztearen eta aurkikuntza bidezko ikaskuntzaren konbinazio eraginkor batean oinarritzen da, eta “teknologia emergenteak txertatzen ditu eskola-ingurunean, modu irisgarri, ludiko eta eraginkorrean”. Izan ere, eta programazioan oinarritutako beste ikuspegi batzuek ez bezala, pentsatzeko modu berri bat sustatzen du: arazoei modu logikoan, egituratuan eta datuetan oinarrituta heltzeko pentsamolde estrategiko bat.
Hau da: “Plataformaren bidez, programatzen ikasteaz gain, ikasleek pentsamendu konputazionalarekin loturiko trebetasunak eskuratzen dituzte, hala nola analisia, sintesia, abstrakzioa eta ebaluazioa; mundu digitalean moldatzeko funtsezko gaitasunak”. 2024-2025 ikasturtean, parte hartu duten ikasleek 612.000 ariketa baino gehiago egin dituzte eta 11.300 ordu eman dituzte. Proiektuak izandako erantzuna eta lortutako emaitzak ikusita, Hezkuntza Saila eta GAIA edizio berri bat antolatzen ari dira datorren ikasturterako.
GAIAtik, CodeOK proiektuaren arduradun Judit Iriondok honako hau azpimarratu du: “Pentsamendu konputazionalak eta programazio-lengoaiak ikasteak aukera emango die gazteei aro digitalean hobeto integratzeko eta lan-aukera gehiago izateko; edo, bestela esanda, pentsamendu konputazionala zeharkako gaitasun bat da egungo eta etorkizuneko profesional guztientzat”. Gaurko topaketan hackathoiaren azken fasea egin da, eta zazpi gela finalistak (190 ikasle) parte hartu dute. Ikasleak 4-5 kideko taldetan antolatu dira, eta erronkak gainditu dituzte bi programazio-kategoriatan (Toy Script eta Java Script).
Ekitaldi publikoa
CodeOK proiektuaren amaiera dela eta, beste ekitaldi publiko hau ere egin da Bizkaia Aretoan: “Hezkuntzako gaitasunak garatzea”, Aitor Uriondo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendariak inauguratua. Ekitaldian 300 pertsonak parte hartu dute, eta hezkuntzaren arloa digitalizatzeko “jardunbide egokiak” aurkeztu dira, hala nola CodeOK proiektua bera eta IBILBIDEAK eta SPOOCak proiektuak.
Era berean, ondorengo solasaldi batean, gaitasun digitalak txikitatik garatzearen garrantzia nabarmendu da, eta haur eta gazteengan pentsamendu konputazionala ezartzeari buruzko erronkak eta ikaskuntzak aztertu dira.
Sariak
Amaieran, lehenengo 3 sariak banatu dira bi kategorietan: Toy Script kategorian Eskolabarri Ikastetxea (Ermua) izan da irabazlea, eta Lizardi BHIk (Zarautz) eta Bermeo BHIk jaso dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Java Script kategorian, Egiluze Ikastetxeko (Errenteria) ikasleek irabazi dute lehen saria, eta Markinako Bera Kruz eta Gernikako San Fidel ikastolak geratu dira bigarren eta hirugarren.