Euskadik eta Akitania Berriak indarrak batu dituzte elektronika aurreratu eta jasangarriaren mugaz gaindiko lehen ekosistema bultzatzeko

NAIA Europako proiektuak partekatutako gune teknologiko bat sortuko du, enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta erakundeak konektatzeko, azpiegiturak, ezagutza eta talentua partekatzeko.

• Ekimenak Euroeskualdeko elektronika aurreratuaren ekosistema indartu nahi du, eta gaitasun industrial berriak garatzen lagundu, erdieroaleak, fabrikazio adimenduna edo automatizazio aurreratua bezalako arlo estrategikoetan.

• AGUILA Technology enpresak lideratutako proiektuak, eta bertan GAIA Klusterra, ESTIA, Eusko Jaurlaritza —Hezkuntza Sailaren eta Don Bosco prestakuntza-zentroaren bidez— eta Akitania Berriko Eskualde Akademikoko Errektoretzak parte hartzen dute, 1.459.413,50 €-ko aurrekontua du, eta Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bidez kofinantzatuta dago.

2026ko irailaren 23a.- Elektronikaren industriak erronka handiei egin behar die aurre, besteak beste, trantsizio ekologikoaren eta eraldaketa digitalaren ondoriozkoei, Europako autonomia teknologikoa indartzeko beharrari eta hornidura-kate globaletako “tentsioei”. Testuinguru horretan sortu da NAIA (Elektronika Aurreratu eta Jasangarriko Mugaz Gaindiko Berrikuntzarako Ikuspegi Berria), EFA136/06 zenbakidun Europako proiektua. Ekimenak Euskadi eta Akitania Berriaren arteko lankidetza berrikuntza bultzatzeko, industria-sarea indartzeko eta garapen ekonomikorako aukera berriak sortzeko motor bihurtu nahi du.

Interreg POCTEFA 2021-2027 programak babestuta eta Europar Batasunak kofinantzatuta, NAIAk elektronika jasangarrian espezializatutako lehen plataforma teknologiko mugaz gaindikoa garatuko du datozen hiru urteetan. Bi lurraldeetako elektronikaren ekosistema konektatuko duen lankidetza-azpiegitura izango da, eta bertan enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, administrazio publikoak eta prestakuntza-erakundeak elkartuko dira, gaitasunak partekatzeko, baterako proiektuak garatzeko eta ezagutzaren transferentzia enpresa-sarera bizkortzeko.​

Proiektua AGUILA Technology enpresak lideratzen du, eta industria-, teknologia-, hezkuntza- eta erakunde-arloetako erreferentziazko bost bazkide biltzen ditu: Clúster GAIA, ESTIA Institute of Technology, Eusko Jaurlaritzak, ( —Hezkuntza Sailaren eta eta Don Boscoren bidez—)  eta Akitania Berriko Eskualde Akademikoko Errektoretza. Proiektuak iraungo duen 36 hilabeteetan, partzuergoak aipatutako plataforma teknologiko partekatua sendotzeko lan egingo du, eta, horrela, mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomikoa, industriala eta teknologikoa indartuko du.

Common Space delakoa etorkizuneko industriarako estrategikotzat jotzen diren hiru arlo teknologiko handiren inguruan egituratuko da::

• Elektronika disruptiboa, mikroelektronikarekin, txipekin eta erdieroaleekin lotuta.

• Fabrikazio kognitiboa, robotika aurreratuan eta fabrikazio-prozesu adimendunetan oinarrituta.

• Adimen konektatua, industria-automatizaziora eta industria adimendunera bideratuta.

Azpiegitura eta ekipamendu teknologikoetarako sarbidea errazteaz gain, Common Space-ek mugaren bi aldeetan dauden gaitasunak, produktuak, zerbitzuak eta proiektuak ezagutzeko aukera emango du, orain arte identifikatzeko zailak ziren enpresen eta ezagutza-zentroen arteko aliantzak sortzea sustatuz. Enpresa batek, adibidez, bazkide teknologiko berriak aurkitu, gaitasun osagarrietara iritsi edo lankidetza- eta berrikuntza-aukerak azkarrago identifikatu ahal izango ditu.

Gainera, NAIA proiektuak honako hauek lortu nahi ditu:

• lurraldearen subiranotasun industrial eta teknologikoa indartzea, tokiko diseinu-, ekoizpen-, konponketa- eta birziklatze-gaitasunak sendotuz;

• industria-jarduera berriak eta kualifikatutako enplegua sortzea sustatzea;

• elektronika jasangarriago baterako trantsizioa bizkortzea, ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarrituta;

• teknologia-enpresetara transferitzea erraztea eta ETEen eraldaketa laguntzea, gaitasun berriak garatuz

Prestakuntza eta talentua, industriaren beharrei erantzuteko

Proiektuaren beste zutabeetako bat talentuaren garapena da, eta hori funtsezkoa da sektoreak eskatzen duen espezializatutako profilen gero eta eskari handiagoari erantzuteko. NAIAk Euskadi eta Akitania Berriaren arteko prestakuntza-ekintza bateratuak bultzatuko ditu, tailer espezializatuak, partekatutako programak, ikasleen trukeak eta datozen urteetan elektronikaren industriak eskatuko dituen gaitasunei aurrea hartzera bideratutako ekimen berriak sustatuz.

Horretarako, proiektuak bi eskualdeetan aurrez egindako diagnostiko bat du abiapuntu. Diagnostiko horri esker, dauden gaitasunak, erabilgarri dauden azpiegiturak eta industria- zein hezkuntza-arloetako behar nagusiak identifikatu ahal izan dira. Ezagutza horrek mugaz gaindiko lankidetzarako eredu berri bat diseinatzeko oinarri gisa balioko du, sektorearen berrikuntza eta hazkundea sustatzeko.

Azken batean, proiektuak elektronika aurreratu eta jasangarrian Euroeskualdea Europako erreferente bihurtzeko gai izango den mugaz gaindiko ekosistema baten oinarriak ezarri nahi ditu. Cristina Murillo, GAIA Klusterreko zuzendari nagusiordeak, azpimarratu duenez, “NAIAk aukera bat eskaintzen du Euskadi eta Akitania Berriaren arteko lankidetzan jauzi kualitatibo bat emateko. Azpiegiturak, ezagutza eta gaitasunak partekatzeak aukera emango die gure enpresei berrikuntzarako aukera berrietara iristeko, bazkide teknologikoak aurkitzeko eta, banaka, askoz zailagoak izango liratekeen proiektuen garapena bizkortzeko”.

Murillok nabarmendu du proiektuaren balio handienetako bat mugaren bi aldeetan dagoen ezagutza konektatzeko gaitasuna izango dela: “Gure enpresentzat aukera berriak sortzeko, industria-aliantzak bultzatzeko eta elektronika aurreratua eta erdieroaleak bezalako sektore estrategikoen garapenean laguntzeko gai izango den ekosistema bat eraiki nahi dugu. Baina, era berean, datozen urteetan industria horiek beharko duten talentua prestatu nahi dugu, Euskadiko eta Akitania Berriko gaitasunak eta esperientziak elkarrengana hurbilduz”, amaitu du. //

NAIA proiektua (EFA136/06 zk.) Europar Batasunak %65ean kofinantzatu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Bere laguntza mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen garapenean oinarritzen da, lurraldearen garapen jasangarria sustatuko duten estrategia bateratuen bidez.