260 ikasle baino gehiagok parte hartu dute gaur Bilbon programa honen amaierako ekitaldian. HeziLabek (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila) eta GAIA Klusterrak sustatutako ekimen hau, Euskadiko programazioari eta pentsamendu konputazionalari buruzko hezkuntza hackathoi handiena izan dena.
Bilbon, 2026ko apirilak 28.- Guztira, 12 eta 16 urte bitarteko 263 ikaslek parte hartu dute gaur Programazioari eta Pentsamendu Konputazionalari buruzko hezkuntza hackathonaren bigarren edizioan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldia, HeziLabek -Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntzarako Zentroak-, eta GAIA Klusterrak antolatu dute, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat Euskadin egiten den mota honetako topaketarik handiena izan da.
Jardunaldian zehar, taldeek 90 minutuko lehiaketa intentsibo bati egin diote aurre, ToyScript eta JavaScript hizkuntzetan programazio-erronkak ebatziz. Horrela, pentsamendu logikoa, arazoen ebazpena eta talde-lana bezalako gaitasunak proban jarri dituzte. Jarduera hau lau hilabeteko prozesu baten azken fasea izan da, CodeOK hezkuntza-programaren baitan, ikasgeletan pentsamendu konputazionala sustatzeko helburuz.
Programa honek eragin handia izan du 2025-2026 ikasturtean: 8.731 ikaslek, 352 irakaslek eta Euskadiko 316 ikastetxek hartu dute parte (34 Araban, 171 Bizkaian eta 109 Gipuzkoan). Guztira, 597 ikasgela (classroom) garatu dira, eta horietan ikasleek 1,2 milioi jarduera baino gehiago egin dituzte, programazioa eta pentsamendu konputazionala ikasi eta praktikatzeko 24.859 ordu eskainiz.
Digitalizazioak, adimen artifizialak eta automatizazioak markatutako testuinguru batean, pentsamendu konputazionala zeharkako tresna gisa finkatzen ari da. Horregatik, osagai lehiakorretik harago, hackatoia ikaskuntza-esperientzia praktiko eta motibatzaile gisa planteatzen da, non ikasleek funtsezko gaitasun digitalak garatzen dituzten beren etorkizun akademiko eta profesionalerako.
Aitor Uriondo-k, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariak azpimarratu duenez, “programa erabat bat dator sailaren ‘Adimen Digitala’ estrategiarekin; izan ere, ikasleen artean pentsamendu konputazionala sustatzeaz gain, gero eta digitalizatuagoa den mundu batean bizitzeko beharrezkoak diren beste gaitasun batzuk ere garatzen laguntzen du”.
Judit Iriondo-k GAIAko CodeOK programaren arduradunak azpimarratu duenez, “hezkuntza hackathoia bigarren edizio honetan balio handiko ekimen gisa sendotu da, teknologia ikasleei ikuspegi praktiko, kolaboratibo eta motibatzaile batetik hurbiltzeko”. Halaber, nabarmendu du aurten lortutako parte-hartze handiak -lau hilabetean 1.800 ikasle baino gehiago— “hezkuntza komunitateak gaur egungo gizartean moldatzeko funtsezkoak diren gaitasunak bultzatzeko duen gero eta interes handiagoa islatzen duela”.
Judit Iriondoren hitzetan, “pentsamendu konputazionala garatzea ez da soilik programatzen ikastea; pentsatzeko modu bat eskuratzea da, arazoak ebaztea, taldean lan egitea eta ingurune digitala hobeto ulertzea”. Ildo horretan, adierazi du halako ekimenek “ikasleei teknologia espazio sortzaile eta kolaboratibo gisa bizitzeko aukera ematen diela, sarearen erabilera kritiko, arduratsu eta positiboa sustatuz, eta aldi berean STEAM bokazioak pizten lagunduz adin goiztiarretan”. Era berean, ekimenak nesken eta mutilen parte-hartze orekatua sustatzen du, STEAM arloko genero-arrakala murrizten laguntzeko.
Sari-banaketa
Hackathoia kategoria bakoitzeko talde onenei sariak emanez amaitu da.
- ToyScript kategorian, lehen saria Ondarroa BHI ikastetxearentzat izan da; bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, IES Elgoibar BHI eta IES Artazo-Romo sailkatu dira.
- JavaScript kategorian, lehen postua IES Artazo-Romo ikastetxearentzat izan da; bigarren eta hirugarren sariak, berriz, IES Lizardi 5B (Zarautz) eta IES Lizardi 5E ikasleek eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Jardunaldiak, Nagore Bermeosolo-k, We Are Clickers enpresako kideak, emandako hitzaldi inspiratzaile bat ere izan du.
GAIA Klusterrak balorazio positiboa egin du bigarren edizio honen inguruan, ez bakarrik parte-hartze handiagatik, baita aurkeztutako proiektuen kalitateagatik eta ikasle zein irakasleen konpromisoagatik ere. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak etorkizunera begirako hezkuntza bultzatzeko erakutsitako lidergoa ere azpimarratu dute.