Summit 2026 kongresuak teknologiaren, industriaren eta talentu digitalaren topagune bihurtuko du Bilbo

  • Azaroaren 23 eta 24an, enpresak, erakundeak eta profesionalak bilduko dira Bilboko Euskalduna jauregian, adimen artifizialaren, datuaren ekonomiaren eta enpresa-eraldaketarako funtsezkoak diren beste teknologia batzuen aplikazioak aztertzeko.
  • Repsol, Google, Amazon Web Services, Iberdrola, AENA, Sacyr, Eroski eta Multiverse Computing enpresa eragileetako ordezkariek hartuko dute parte, besteak beste.
  • GAIAk eta ESLEk antolatuta, DOK Summit-ek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EJIE-Eusko Jaurlaritzaren babes estrategikoa du, baita Tecnalia, LKS Next, Orange eta Irontec erakundeen lankidetza ere.

Bilbo, 2026ko urriaren 30a.- Nola bihurtu eraldaketa digitala eta berdea euskal enpresentzako abantaila lehiakor?, hau izango da DOK Summit 2026ren ardatz nagusietako bat. GAIAk (Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Elkartea) eta ESLEk (Euskadiko Teknologia Libreen eta Ezagutza Irekiaren Enpresen Elkartea) antolatutako topaketa azaroaren 23an eta 24an egingo da Bilboko Euskalduna jauregian.

2.000 profesional baino gehiago biltzea aurreikusita, DOK Summit erreferentziazko ekitaldia da industria, enpresa teknologikoak, erakundeak eta talentu digitala lotzeko. Haren proposamenak joera teknologikoetan ez ezik, horiek erakundeentzako erabaki, irtenbide eta aukera zehatzetara eramateko moduan ere jartzen du arreta.

Adimen artifiziala, datuaren ekonomia berria, zibersegurtasuna, talentu digitala, enpresen jasangarritasuna eta teknologia irekiak izango dira edizio honetako ardatz nagusietako batzuk. Besteak beste, Repsol, Google, Amazon Web Services, Iberdrola, AENA, Sacyr, Air Europa, Enagás, Mediapro, Eroski eta Multiverse Computing enpresetako profesionalek hartuko dute parte.

Elena Zárraga GAIAko presidenteak DOK Summit-en eginkizuna nabarmendu du: datozen hamarkadako erronkei heltzeko eta ekosistemako eragileen arteko loturak sustatzeko topagunea izango da. "DOK Summit 2026 topagunea izango da industria, teknologia, sektore publikoa, enpresa berritzaileak eta talentu digitala elkartzeko, datozen hamarkadako erronka nagusiei heltzeko. Kontua ez da teknologiari buruz hitz egitea soilik, baizik eta teknologia hori balio, lehiakortasun eta garapen jasangarri bihurtzeko modua ulertzea", adierazi du.

Horregatik, Zárragak topaketan parte hartzera animatu ditu erakundeak, enpresak eta profesionalak: "Enpresak, profesionalak, erakundeak eta ekosistemako eragileak DOK Summit-era biltzera gonbidatzen ditugu. Euskadiren etorkizun digitala ezagutza, lankidetza eta talentua konektatuz eraikitzen delako".

DOK Summit 2026ren ezaugarri bereizgarrietako bat entzute hutsetik parte-hartzera igarotzeko formatuen aldeko apustua izango da. Azterketa-saioez gain, programak hainbat sektoretako erronka zehatzei buruzko erakustaldiak, tailerrak eta lan-dinamikak jasoko ditu.

Programako proposamen ugarien artean, AENAk etorkizuneko aireportua irudikatzera gonbidatuko ditu parte-hartzaileak; EITBk telebista nolakoa izango den aztertzeko dinamika bat proposatuko du, eta Eroskik etorkizuneko supermerkatuari buruzko lanketa bat planteatuko du. Horrez gain, hacking etikoari buruzko tailer praktiko bat eta enpresen eta parte-hartzaileen artean erronkak eta irtenbide posibleak partekatzeko saioak ere izango dira.

Topaketak ezagutza irekiari eta LibreCon-en bidezko Open Source teknologiei buruzko gune berezi bat ere izango du, DOK Summit-en barruan. Horrela, bere ibilbideko ezaugarri bereizgarrietako bati eutsiko dio, eta eraldaketa digital osoari buruzko ikuspegia zabalduko du.

DOK Summit-ek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EJIE-Eusko Jaurlaritzaren babes estrategikoa du, baita Tecnalia, LKS Next, Orange eta Irontec erakundeen lankidetza ere.

Izen-ematea zabalik​

DOK Summit 2026n interesa duten enpresek, profesionalek, erakundeek eta gainerako eragileek programaren berri izan eta izena eman dezakete hemen: