GAIAk atsegin handiz iragartzen du Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren barruan hautatutako Pyrenart II proiektua abian jarriko dela, 2.835.954 euroko aurrekontu totalarekin.
Ezagutzako eta berrikuntzako gune erkide bat sortzeko lehentasunaren barruan dago proiektu hau, eraldaketa digitala eta hazkunde jasangarria bultzatuz, ETEen garapenaren eta internazionalizazioaren bidez, eta zehazkiago Kultura eta Sormen Industrien kasuan. BDCC Basque District of Culture and Creativity deitutako barrutia ari da pilotatzen GAIA, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Euskadiko Kultura eta Sormen Industriak ahalbidetzen eta garatzen dituen, eta industria horiei lagundu egiten dien gunea da BDCC barrutia, betiere sektorearen lehiakortasuna eta indartze ekonomikoa sustatuz.
36 hilabeteko iraupena izango du PYRENART II proiektuak. Proiektua gauzatzen den bitartean Kultura eta Sormen Industrien enpresa-gaitasunak hobetzeko prestakuntza-programa berritzaile bat garatzea izango da GAIA/BDCCren egitekoa. Jasangarritasuneko eta digitalizazioko printzipioei jarraikiz Kultura eta Sormen Enpresen lehiakortasunari laguntzeko zerbitzuak hobetuko dituen Living Lab bat sortzea da helburua, sektoreko enpresa eta profesionalen nazioarteko potentziala ere lantzeko moduan.
PYRENART II PROIEKTUARI BURUZKO INFORMAZIOA
Occitanie en scène elkarteak koordinatzen du Pyrenart II proiektua, 12 bazkide eta 15 kide ditu mugaren bi aldeetan eta arte eszenikoen kultura-ekintzailetzaren arloan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko pentsatua dago, arte eszenikoen egituren garapena eta internazionalizazioa sustatuz.
HAINBAT EKINTZA ETA JARDUERAREN INGURUAN ARTIKULATZEN DA PROIEKTUA:
Mugaz gaindiko lurraldeko eragileen enpresa-gaitasuna indartzeko:
- Enpresa-konpetentzietan prestatzeko eta garatzeko programa bat
- Profesionalen delegazioak sortzea nazioarteko merkatuetan
- Artista emergenteei laguntzeko mugaz gaindiko inkubagailu bat sortzea
- Enpresa-proiektuak ekartzen dituztenei zuzendutako mugaz gaindiko bigarren inkubagailu bat garatzea
- Eskola magistralen programa bat, tutoretzak eta pareen arteko ikaskuntza-dispositibo bat (ezagutzen transferentzia)
Praktika berriak hasteko edo berrikuntza indartzeko:
- Ikerketa artistikoko laborategiak
- Testuinguruaren araberako proiektu artistikoen egonaldi-programa bat
- Frantziatik zein Espainiatik egindako enkargu artistikoak eta mugaz gaindiko lurraldeari zuzendutako ikuskizunen produkzioa
Pirinioen eskalan egindako erreminta partekatu berriak sortzeko:
- Proiektuaren historia artisten begien bitartez kontatzeko prozesu bat: filmak, argazkiak eta testigantzako obra bat
- Proiektuaren prestakuntza-eduki eta erreminta guztiak Open Source programan zabaltzea
- Proiektuaren eta sektorearen ebaluazio- eta prospekzio-azterlan bat egitea, baita haien inpaktu ekonomikoaren azterketa bat ere
- Proiektua zabaltzen laguntzeko pizgarriak
- Azoka eta merkatuetan artistei agerikotasuna emateko plataformak antolatzea eta haietan parte hartzea
BAZKIDEEI BURUZKO INFORMAZIOA
Frantzian:
- Occitanie en scène (Okzitania), taldeburua >www.occitanie-en-scene.fr
- ThéâtredelaCité - CDN Toulouse Occitanie (Okzitania) >theatre-cite.com
- La Grainerie - fabrique des arts du cirque et de l’itinérance (Okzitania) >la-grainerie.net
- L'Estive - scène nationale de Foix et de l'Ariège (Okzitania) >www.lestive.com
- Le Parvis - scène nationale Tarbes Pyrénées (Okzitania) >
www.parvis.net
- Communauté d'agglomération Pau Béarn Pyrénées (Akitania Berria) >www.pau.fr
- Scène nationale du Sud Aquitain (Akitania Berria) >wwww.scenenationale.fr
Espainian:
- Dantzaz (Euskadi) >dantzaz.eus
- Bito Productions SL -Temporada Alta jaialdia (Katalunia) >temporada-alta.com
- Arte Eszenikoen eta Irudiaren Udal Patronatua - Zaragozako Udala (Aragoi) > centrodedanzazgz.com
- GAIA/Basque District of Culture and Creativity (Euskadi) > basquedcc.euskadi.eus
- Huescako Udala (Aragoi) > www.huesca.es
DEIALDIARI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO
Espainia-Frantzia-Andorra mugagunearen integrazio ekonomiko eta soziala indartzeko Europar Batasunak emandako finantza-laguntzen seigarren belaunaldia da Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra 2021-2027 programa. Pirinioetako bi aldeetako bazkideek diseinatu eta kudeatutako proiektuak kofinantzatzen ditu mugaz gaindiko lurraldearen garapen jasangarria zenbait lehentasunen bidez sustatzeko. Lehenengo lehentasunari erantzuten dio Pyrenart II proiektuak: ezagutzarako eta berrikuntzarako gune erkide bat sortzea.
Europar Batasunak % 65ean kofinantzatzen du Pyrenart II proiektua, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). Espainia-Frantzia-Andorra mugagunearen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da POCTEFAren helburua.