Euskal konpainiak softwarea, IoT eta zibersegurtasuna industria, turismoa edo Administrazio publikoa bezalako sektoreei zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzeko uztartzen ditu.
2017an sortu zenetik, Purple Blog -ek bilakaera handia izan du eraldaketa digitaleko aholkularitza-enpresa integral bihurtu arte. Hamar pertsonako talde espezializatu batekin, gaur egun konpainiak full stack garapena, Gauzen Interneta (IoT), zibersegurtasuna, azpiegitura eta aholkularitza teknologikoa konbinatzen dituzten soluzioak eskaintzen ditu. Eta hori guztia ikuspegi argi batekin: “Teknologia negozioen egunerokora eramaten dugu, modu erreal eta seguruan digitalizatzen laguntzeko”, azaltzen du Bingen Garate enpresako Enpresa Harremanen koordinatzaileak.
Horrela, urte hauetan, Purple Blob-ek industria, turismoa edo erakunde publikoak (udalak edo foru-aldundiak) bezalako sektoreetako enpresekin lan egin du. Gárateren arabera, proiektu bakoitzean berrikuntza, segurtasuna eta eraginkortasuna uztartzean datza gakoa. “Helburu argiak dituen teknologia gustatzen zaigu: negozioak haztea, eraginkorragoak izatea eta, oro har, bizi-kalitatea hobetzea”, dio.
Konpainiaren zerbitzuen artean, IoT soluzioen garapena nabarmentzen da bereziki, aktiboak, prozesuak edo inguruneak denbora errealean monitorizatzea ahalbidetzen baitute. Informazio horrek datuetan oinarritutako erabakiak hartzen, baliabideak optimizatzen, prozesuak automatizatzen eta kostuak murrizten laguntzen die enpresei. “Arazoei aurrea hartzen zaienean eta alferrik galtzea murrizten denean, kudeaketa iraunkorragoa egiten ere laguntzen da”, adierazi du Gáratek. Era berean, enpresak aplikazio digital eskalagarriak garatzen ditu, estrategia teknologikoan laguntzen du, barneko zein kanpoko azpiegiturak kudeatzen ditu eta zibersegurtasunaren arloan laguntza eskaintzen du.
Horretarako, konpainiak bere ibilbide osoan zehar Enpresa Zibersegurtasuna edo Industria Digitala bezalako SPRI Taldearen programen babesa izan du, bere azpiegitura indartzen, gaitasunak handitzen eta zerbitzuak hobetzen lagundu dutenak. “Programa horiek arlo berrietan trebatzeko eta gure bezeroentzako irtenbide indartsuagoak garatzeko aukera eman digute”, aitortu du koordinatzaileak.
Etorkizunari begira, Purple Blob-ek zibersegurtasunaren, monitorizazio adimendunaren eta bezero-zorroaren hobekuntza metodologiko eta dokumentalaren aldeko apustua indartzen jarraituko du. Gainera, euskal enpresa ‘Datu-guneen’ bidez ari da bere nazioarteko hedapena Europan bideratzen, eta esparru horretan sartu da Estatu mailan ziurtatutako hornitzaile bakanetako bat. “Gure irtenbideak eskalagarriak dira, eta uste dugu zentzua dutela beste merkatu batzuetan, batez ere IoT-arekin eta plataforma digitalen garapenarekin lotutakoetan“, esan du Gáratek..