Donostiako ETEa modako teknologiaren informazio-ihesak saihesten espezializatu da.
Donosti Frame Donostian kokatuta dagoen ETEa da, adimen artifiziala modu seguruan eta informazio-ihesik gabe erabiltzeko plataforma pertsonalizatuak eskaintzen dituena. 34 urteko ibilbidearekin, ikus-entzunezko marketinetik indartzen ari den merkatu honetara egin du jauzi. Bere zerbitzuen artean daude laguntzaile birtualak, aurretik hainbat egun behar zituzten lanak minutu gutxitan egiten dituztenak.
Enpresa 1992an sortu zen Donostian, industriara bideratutako 3D zerbitzuen enpresa gisa. “Internetekin lanean hasi ginenean, aukera ikusi eta webguneetan, aplikazioetan eta konfiguratzaileetan murgildu ginen. Horrela, ikus-entzunezko marketin-agentzia bihurtu ginen”, azaldu du Borja López Donosti Frame enpresaren sortzaile eta CEOak.
Bilakaeraren ondorioz, beste era bateko zerbitzuak erabiltzen hasi dira: multimedia pantailak edo “show room” birtualak, adibidez. “Horietan, metabertso espezifikoa sortzen genuen, kontzeptu konplexuak azaltzeko. Eta erakusketa ibiltariak eta finkoak ere egin ditugu azoketarako”.
Horrek guztiak ikus-entzunezko azken teknologiak erabiltzera eraman ditu, bai teknologia holografikoak, bai laguntzaile birtualak. “Duela lau urte hasi ginen adimen artifiziala ezartzen kongresuetarako laguntzaile birtualetan. Datuen babesa betetzeko ziurtagiri bikoitza zuten zerbitzariak erabiltzen genituen, eta horrek zailtasun eta lan handia eragiten zigun”.
Iazko urrian, bigarren bulegoa ireki zuten Gijónen, Asturiasko hirian teknologia berriek izan duten gorakada handiari erantzunez. “Izan ere, IKT arloko 50 enpresa izatetik, 150 izatera igaro dira”.
Donosti Framek merkatu-nitxoa hauteman du adimen artifizialaren araudia betetzearen arloan. “Eta ez dugu ahaztu behar shadow IAren arazoa, hau da, gure ezagutza AA egiteko erabiltzearekin lotutakoa. Dokumentazioa erabiltzeko murrizketak daude, baina AAk ikasi egiten duenez, ezagutza horretara sar daiteke. Hori kezkagarriagoa da araudia betetzea baino”.
Erreferente
Donostiako enpresak harro adierazten du 34 urteko ibilbidean ikus-entzunezko marketinean erreferente izan dela. “Zerbait berritzaile eta bereizgarria nahi dutenean, Donosti Framengana jotzen dutela esaten digute”.
Bezeroentzat plataforma pertsonalizatuak sortzen espezializatu dira, adimen artifiziala modu seguruan erabiltzeko. “MikroETE eta ETEentzat pentsatutako plataforma, Iagora izenekoa, aterako dugu. Erabileraren araberako ordainketa-sistema izango du, eta ingurune segurua eskainiko du laguntzaile birtualekin lan egiteko, araudia betez eta informazio-ihesak saihestuz”.
Bezeroak, batez ere, industria-sektorean daude, nahiz eta hotelen sektorean ere murgildu diren. “Orain ETE eta mikroETEengana hurbiltzen saiatzen ari gara, adimen artifizialaren arloan aholkularitza emateko”. Horrela, laguntzaile birtual bat aplikatu diote Instagi elkarteari (Gipuzkoako iturgintza- eta elektrizitate-enpresa instalatzaileak eta mantentze-lanetako enpresak biltzen elkartea). Laguntzaile birtual hori arduratzen da obra jakin baterako araudi eta izapide guztiak kudeatzeaz, aurrekontua prestatzeko garaian. “Orain arte hainbat egun behar zituen lana bost minututan egiten da orain”.
Enpresak 4 langile ditu guztira eta urteko fakturazioa 400.000euro ingurukoa da. “I+G arloa funtsezkoa da enpresarentzat, eta fakturazioaren % 10 baino gehiago jasotzen du.
Beren erronkak adimen artifizialaren segurtasunean erreferente izatea eta “enpresek inolako informazio-ihesik gabe ingurune segurua eskaintzen dugula jakitea dira. Zibersegurtasuneko partner batekin egingo dugun lankidetza aurkeztuko dugu, egiten ditugun lan guztiak auditatu ditzan, bezeroei are segurtasun handiagoa eskaintzeko helburuarekin”.